XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Apokalipsi Liburuak, hartara, bereganatu eta baieztatu egiten du lurreko gauzen ibilbidearen eta lehen kausaren deseinu inplizitu bat, exegeta kristauek aurki esplizitu egin zutena; errotik suntsitzailea den historiaren paradigma.

Primitibismo eta ziklismo (errekurrentzia eternalaren teoria) greziar eta erromatarrarekin kontrajarria, paradigma biblikoak egite-sorta bakun eta zorrotz definituriko batez azaltzen du lurraren historia: hasiera bat (kreazioa), katastrote bat (gizakiaren hondamendia), krisialdi bat (Kristoren Gorpuzte eta Berpiztea), eta amaiera hurbila (Kristoren Bigarren Etorrera Errege gisa, eta horren ondoren mundu zaharra ordezkatuko duen zeru eta lur berriak), zeinak giza historiaren trajedia komedia kosmiko bihurtuko duen. (Abrams, 1984: 237)

MALDAN BEHERA ETA BERE AURREKO EUSKAL TRADIZIO ESKATOLOGIKOA

Felipe Arrese-Beitiaren olerkigintzan aurreneko begiratuan nabarmentzen zaigun bereizketa orainaren eta lehenaren artekoa da.

Haren Olerki sorta bat izenburuko bildumaren prestatzaile Gurutze Aldabaldetreku irakaslearen hitzetan esateko, olerkariarentzat lehena jatorra da, eta oraina berriz arbuiagarria.

Bi ziren, funtsean, lehena jatorra egiten zuten dohainak: foruak eta euskara.

Bata nahiz bestea gainbeheran zeuden; foruak armen bidez ukatu zitzaizkion Euskal Herriari, bigarren karlista gerraren ondorioz.

Hori dela eta, euskara ere, gure amatxo zaarra kuxkurtzen ari zaigu; eta okerrena dena, semeen axolagabekeriagatik aurkitzen da horrela.